XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aristokrazia bateko zenbait kide elkartu egin nahi dutenean, erraz lortzen dute hori.

Bakoitzak indar handia jartzen duenez elkartean, kide-kopurua oso txikia izan daiteke, eta, kideak gutxi direnean, erraza gertatzen zaie elkar ezagutzea, ulertzea eta arau finkoak ezartzea.

Nazio demokratikoetan ez da aurkitzen horrelako erraztasunik, eta beharrezkoa izaten da elkartuak asko izatea elkarteak indar pixka bat izan dezan.

Badakit nire garaikide askorentzat hau ez dela kezkagarria.

Hiritarrak ahulago eta ezgaiago bihurtu ahala, gobernua iaioago eta aktiboago bihurtu behar dela esaten dute, gizabanakoek jada ezin dutena gizarteak egin ahal izan dezan.

Hori esanda guztiari erantzun diotela uste dute.

Baina oker dabiltzala iruditzen zait.

Gobernuak hartu ahal izango luke Amerikan elkarte handienetako batzuen lekua, eta, Batasunaren barruan, zenbait estatu partikular jada saiatu da horretan.

Baina zein botere politiko izango da inoiz aski, Amerikako hiritarrek elkarteen laguntzaz egunero zertzen dituzten eginkizun txiki ugariak betetzeko?

Erraz ikusten da badatorrela garaia, pertsonak gero eta gaitasun txikiagoa izango duena bizitzako gauzarik arrunt eta beharrezkoenak bere kabuz sortzeko.

Gizarte-boterearen eginkizuna, beraz, etengabe haziko da, eta bere ahaleginek berek handiago bihurtuko dute egunetik egunera.

Botere horrek zenbat eta gehiago hartu elkarteen lekua, partikularrek, elkartzeko ideia galduz, orduan eta gehiago beharko dute berorren laguntza.

Etengabe sortzen diren kausak eta ondorioak dira.

Azkenean, hiritar isolatu batek egin ezin dituen zeregin guztiak zuzendu beharra izango ote du administrazio publikoak?

Eta, lur-jabetza hainbesterainoxe banatzearen ondorioz, lurra mugagabeki zatitu eta laborari-elkarteek bakarrik landuko duten momentu bat iristen bada, gobernu-buruak utzi egin beharko ote du estatuaren gidaritza goldari eusteko?

Herri demokratiko baten moralak eta adimenak ez lituzkete beraren negozioak eta industriak baino arrisku txikiagoak izango, gobernuak elkarteen lekua hartuko balu alde guztietan.

Sentimenduak eta ideiak ez dira berritzen, bihotza ez da handitzen eta giza izpiritua ez da garatzen pertsona batzuen eta besteen arteko elkarrekintzaz baizik.